lunes, 6 de abril de 2009

PIJOAK (DISGLOSIA SOCIOLÓGICA)

Gure ikuskerari dagokionez, “Pijoa jaio ala egiten da?” galderari beti erantzun behar izango diogu: “egiten da”. Beraz, “pijo” klasea berean parte hartu nahi duten banakoek kolektiboki sustatutako fikziotzat joko dugu. Honen arabera, pijoak beti pijoa izan nahi du eta, horregatik, beti pijoaren itxurak egin nahi ditu: arrandiak, disimuluak, alegiak eta artifizioak definitzen dute bere portaera. Areago, zenbat eta idealizatuagoa, karikaturatuagoa eta groteskoagoa, berarentzat hainbat eta benetakoagoa den klase sozial aberats batekoa dela erakutsi nahi du. Gainera, eta gure ustean, pijoa “espresio hutsa” izaten saiatzen da (“barneko edertasuna” itsusientzat dela pentsatzen du, hain zuzen) eta horretarako, lotura eta enfasi adierazgarriaren erdigune moduan, marka komertziala (Lacoste, esaterako) aukeratzen du, diferentzia markatzeko. Marka, ezagututako prestigiozkoa, arrandiaren ikurren artean nagusia da pijoarentzat; beti agerian izan behar da: pijoaren bizitza zarrastelkeria da eta hori nabaritu egin behar da. (Hori bai, pijoak ez du gonbidatzen, distantzia eta begirunearen lege guztiak hausten ditu eta: bakoitzak berea.) Gainontzean, bere janzkera, lerro eta trazu koherente eta uniformezkoa, ez da ez adeigabea ez deigarria izaten, eta bere gustuak garaikoak dira, kirrinka kulturalistarik gabekoak.

Horretaz gain, zer esanik ez, pijoaren bizimodua, bere taldeko nortasuna, beste bizimodu guztiekiko arbuioaren bidez indartzen da. “¡Qué asco!” paradigmatiko batek geure eta zeuen, lagunaren eta etsaiaren arteko muga adierazten du. Hortik pijoek berezko tenpluak, profanoarentzat helezinak, edukitzea ere: Baqueira Bereteko eski-estazioan, adibidez, euren kirolik gustukoenaren errituala, eskiarena, egin dezakete, leku santu gisa.

Hala eta guztiz ere, pijoaren irudia benetako gainbeheran sartu da gure garaian. Nahiz eta errefortzu instrumental neurtezinak (mugikorra, esate baterako) jaso, arrandia zorrotzagoek laurogeiko hamarkadan Hombres G nekaezin entzuten zuen Borja Mari hura hiltzear egotera bultzatu dute azkenean. Grunge mugimendua eta olatu alternatiboa xurgatu eta asimilatu dituzten irudi berriak azaltzen dira horizontean: horien artean, neo-hippiea, etorri kontrakulturalekoa, eternalki oinutsik eta, pijo klasikoaren determinazioaren aurka, drogak kontsumitzen dituen, mendia gustatzen zaion, kontzientziatuta dagoen eta barazkijalea den pijo gaztea. (Gure ingurunean, euren Getxoko kontziliabuluetara hurbiltzeak arlo-ikerketa xehatuagoak egiteko aukera emango liguke.)

Edozelan ere, pijoak bizirik dirau. Agian forma degradatu eta autokontzientziarik gabekoetan (gero eta gehiago, inkariotzen dutela uste izan ordez, direla iruditzen zaie), baina bizirik: arrandia, klasismoa eta artifizioa (nolabaiteko misantropiaz gain) bere leloa dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...